High-Velocity Oxygen Fuel (HVOF) Proiekzio Termiko bidez kalitate handiko estaldurak lortzeko prozesua da. Estaldura hauek modu lokalizatuan aplika daitezke, beharrezko zonan propietate jakinak lortuz. Abiadura handiko erregai (gas naturala, hidrogenoa edo kerosenoa kasu) eta oxigeno konbinazioa erabiltzen du, hauts metaliko edo zeramikozko partikulak urtzeko eta pieza edo osagai baten gainazalerantz azeleratzeko. Estaldura dentso, lotura indar handikoa eta oso erresistentea da prozesu honen emaitza, urradura, erosio eta inpaktuagatiko higadura jasateko gai dena, baita 850 ºC-tik gorako tenperaturetan ere. Prozesu honekin, tratatutako gainazalaren propietate mekanikoak eta balio-bizitza hobetzen dira.

Prozesuaren xehetasunak

Ondorengo urratsak ditu HVOF prozesuak:

  1. Gainazala prestatzea: Sakon garbitu behar da tratatuko den pieza, estaldura itsastea eragotz dezakeen edozein zikinkeria, herdoil edo kutsatzaile kentzeko.
  2. Hautsak prestatzea: Lortu nahi diren estaldura-ezaugarrien arabera hautatzen dira material-hautsak; metalak izan daitezke –altzairu herdoilgaitza, nikelezko aleazioak, tungsteno-karburoak, esaterako–, edo zeramikoak –aluminio-oxidoa, adibidez–.
  3. Garra sortzea: Erregaia oxigenoarekin nahasten da, eta erregailu deritzon gailu batean erretzen da, abiadura handiko gar bat sortuz.
  4. Hautsak proiektatzea: Hautsak elikatu egiten dira garraren fluxuan, eta urtu eta abiadura handian azeleratzen dira.
  5. Gainazalean jotzea: Urtutako hauts-partikulek substratuaren gainazalaren kontra talka egiten dute energia zinetiko handiz, eta horrek estalduraren eta oinarrizko materialaren arteko lotura metalurgiko indartsua eragiten du.
  6. Hoztea eta solidotzea: Inpaktuaren abiadura handiari eta ondoren gertatzen den bero-disipazioari esker, partikulak azkar hozten dira eta geruza dentso eta uniforme batean solidotzen dira.

HVOF prozesuan erabiltzen diren estaldurarik ohikoenen artean, honako hauek daude: tungsteno-karburoa + kobaltoa + kromoa eta kromo-karburoa + nikela + kromoa. Estaldura horiek erresistentzia bikaina eskaintzen dute muturreko higadura- eta tenperatura-baldintzen aurrean.

HVOF bidez estaldura aplikatu ondoren, ohikoa izaten da geruzaren Artezketa-eragiketa bat egitea, gainazalaren nahi diren geometria eta kalitatea lortzeko.

Piezak eta Osagaiak

HVOF oso erabilia da askotariko pieza eta osagaietan, haien errendimendua eta iraunkortasuna hobetzeko. Hauexek dira aplikazio ohikoenetako batzuk: industria-osagaiak, hala nola arrabolak, ardatzak, zilindroak eta zurtoinak; osagai aeroespazialak, turbinak, konpresoreak eta motorren barneko osagaiak, adibidez; automobilgintzako piezak, balbulak, pistoiak, zilindroak eta transmisio-ardatzak, esaterako; ebaketa-tresnak, hala nola barautsak, hortzak, trenkatzaileak eta konformazio-tresnak; eta prozesatze- eta ponpatze-ekipoak, bulkatzaileak eta ponpa-ardatzak.

Lurreratze-trenen piezen kasu zehatzean, prozesu sekuentzial bati jarraitzen zaio; Shot Peening prozesua da lehenengo urratsa, nekearen aurreko erresistentzia hobetzeko erabiltzen dena. Eta, ondoren, kromo-estaldura edo HVOF aplikatzen da. Amaitzeko, geruzaren Artezketa-eragiketa bat egiten zaie piezei, erabili den estaldura motari dagokiona.

TTT Group-en, dagozkion ziurtagiri aeronautikoak ditugu, eta horrek prozesuak aplikazio aeroespazialetan eta industriako beste sektore batzuetan kalitate-estandar handienekin aplikatzea bermatzen du.

Aplikazio-esparruak

HVOF asko erabiltzen da hainbat industria-sektoretan, gainazala hobetzeko duen gaitasunagatik. Ohikoa da industria aeroespazialean eta defentsa-industrian, motorren eta sistema aeroespazialen osagaiek korrosioaren aurrean duten erresistentzia eta eraginkortasuna hobetzeko; baita petrolioaren eta gasaren industrian ere, giro korrosibo eta urratzaileak jasan behar dituzten osagaiak babesteko; fabrikazio- eta makineria-industrian, pieza kritikoen balio-bizitza luzatzeko eta higadura murrizteko; automobilgintzaren industrian, motorreko eta transmisioko piezen erresistentzia eta eraginkortasuna hobetzeko; eta prozesatze- eta kimika-industrian, kimikoki erasokorrak diren giroetan erabiltzen diren ponpatze-ekipoak eta balbulak babesteko.

HVOF en Bombas