Hainbat piezari eta osagairi haien propietate fisikoak eta kimikoak hobetzeko aplikatzen zaien tratamendu lokala eta gainazalekoa da. Oinarrizko materialaren gainazalean metalezko kromo-geruza bat jalkitzen da estalketa elektrolitiko bidez. Kromo-geruza horrek gogortasun (65-70 HRc) eta korrosioarekiko, higadurarekiko eta urradurarekiko erresistentzia maila handia ematen die piezei; horrela, industria-aplikazio ugaritarako egokiak bihurtzen dira.

Prozesuaren xehetasunak

Kromo Gogorraren prozesua hasteko, arreta handiz prestatzen da tratatu beharreko piezaren gainazala. Azala garbitu, koipegabetu eta, kasu batzuetan, leundu ere egiten da, gainazal leuna eta ezpurutasunik gabea lortzeko. Ondoren, kromo hexabalentea duen bainu elektrolitiko batean murgiltzen da pieza (electroplating) tenperatura baxuan eta, korronte elektriko bidez, kromo-geruza fin bat jartzen da piezaren gainazalean. Modu lokalizatuan aplika daiteke; horrela, piezaren berariazko zona bat bakarrik kromatu daiteke. Kontu handiz kontrolatzen dira jaulkitze-abiadura eta kromo-geruzaren lodiera, nahi diren propietateak lortzeko.

Nahi diren akaberen arabera, kromo-estaldurak forma ezberdinak izan ditzake, proiekzio-gordin modura kromo flash txiki batekin, Arteztuta edo Leunduta, edo akabera mate edo distiratsuarekin.

Piezak eta Osagaiak

Kromo Gogorra industria aeronautikoan, industria-ibilgailuen sektorean, energiarenean eta ondasun-ekipamenduen sektorean erabiltzen den pieza eta osagai ugaritan aplikatzen da. Industria aeronautikoaren kasuan, zilindroak, pistoiak, balbulak, zigiluak, ardatzak, kojineteak eta lurreratze-trenaren elementuak tratatzen dira, higadura eta korrosioa jasan ditzaten. Industria-ibilgailuen sektorean, birabarki, biela, ardatz eta direkzio-sistemetan aplikatzen da, baldintza zorrotzetan piezen iraunkortasuna eta errendimendua hobetzeko. Energiaren arloan, zilindroak, pistoiak, balbulak eta bestelako osagaiak tratatzen dira, zentral elektrikoetako ekipamendu hidrauliko eta pneumatikoetan funtzionamendu fidagarria ziurtatzeko. Ondasun-ekipamenduetan, azkenik, industria-makineriako, altxatze-sistemetako eta zamak manipulatzeko gailuen osagai ugari tratatzen da, bai eta nekazaritzako makineriakoak eta eraikuntzakoak ere, haien erresistentzia eta iraunkortasuna bermatzeko.

Industria aeronautikoan, lurreratze-trenen piezen berariazko kasuan, prozedura jakin bati jarraitzen zaio: piezek Shot Peening prozesu bat gainditzen dute lehendabizi, nekearen aurrean duten erresistentzia hobetzeko. Ondoren, Kromo-estaldura edo HVOF prozesua aplikatzen zaie eta, beharrezkoa baldin bada, Kromo-geruzaren edo HVOFren Artezketa egiten da, eman nahi zaion akabera lortzeko.

Aplikazio-esparruak

Tratamendu horrek piezen eta osagaien iraunkortasuna eta erresistentzia hobetzeko dituen onurak direla eta, hainbat industria-sektoretan aplikatzen da. Hauek dira sektore nagusiak: makineria industria-ekipamenduen fabrikazioa, sektore petrokimikoa, energia-sorkuntzaren sektorea, automobilgintza eta motorren fabrikazioa, eta industria aeroespaziala eta aeronautika.

Kromo Gogorraren tratamendua oso moldakorra eta eraginkorra da; horri esker, funtsezko soluzioa da industria-sektore ezberdin horietan ekipamenduen eta makineriaren balio-bizitza eta errendimendua areagotzeko.

TTT Group-en, dagozkion ziurtagiri aeronautikoak ditugu, eta horrek prozesuak aplikazio aeroespazialetan eta industriako beste sektore batzuetan kalitate-estandar handienekin aplikatzea bermatzen du.

Cromo Duro en Válvulas