Konpresio-granailaketa, Shot Peening ere deitzen zaiona, hainbat materialen –batez ere metalen– propietate mekanikoak hobetzeko erabiltzen den gainazal-tratamenduko prozesu zehatz bat da. Prozesu horretan, piezaren gainazala partikula txikiekin bonbardatzen da, abiadura handian. Partikula horiek gainazalean jotzen dute eta kontrolatutako deformazio plastikoak sortzen dituzte –azaleko deformazio plastiko ere baderitzenak–, eta horrek hondar-konpresio bat eragiten du materialaren azaleko geruzan. Konpresio horrek nekearen aurreko erresistentzia, iraunkortasuna eta korrosioagatiko pitzaduraren aurreko erresistentzia hobetzen ditu eta, aldi berean, gainazalean pitzadurak eta tentsioak sortzeko joera murrizten du.

Prozesuaren xehetasunak

Shot Peening prozesuan, hartxintxarrak tratatu beharreko piezaren gainazalaren aurka jaurtitzeko diseinatutako berariazko makinak erabiltzen dira. Hartxintxarrak material gogorrekoak izaten dira –altzairua, beira edo zeramika–, eta tamaina eta forma ezberdinekoak, tratamenduaren beharren arabera. Kontu handiz kontrolatzen dira bonbardaketaren intentsitatea eta iraupena, nahi diren efektuak lor daitezen ziurtatzeko, pieza kaltetu gabe.

Prozesu horretan zehar, inpaktu-marka txikiak sortzen dira piezaren gainazalean, eta marka horiek funtsezkoak dira hondar-konpresio onuragarria sortzeko. Konpresio-tentsio horiek nabarmen hobetzen dute nekearekiko erresistentzia eta erresistentzia mekanikoa, oro har. Oso garrantzitsua da marken banaketa kontrolatzea, gainazal osoa modu uniformean estaltzeko.

Gainera, Shot Peeninga eskuarki erabiltzen da Kromo-estaldura eta HVOF prozesua aplikatu aurreko urrats modura, industria aeronautikoan. Lurreratze-trenen piezen kasuan, lehenengo Shot Peeling tratamendua egiten da eta ondoren Kromo-estaldura edo HVOF eta, kasu batzuetan, Kromo-geruzaren edo HVOFren artezketa egiten da.

TTT Group-ek prozesu hau industrian eskatzen diren kalitate eta estandarrekin egiteko beharrezkoak diren ziurtagiri aeronautikoak ditu.

Piezak eta Osagaiak

Tratamendu hau asko erabiltzen da hainbat industria-aplikaziotan, esfortzu mekaniko eta ziklikoak jasan behar izaten dituzten piezen erresistentzia eta iraunkortasuna hobetzeko. Tratamendu hori jasotzen duten pieza ohikoenen artean daude turbina-besoak, birabarkiak, bielak, engranajeak, ardatzak, malgukiak, esekidurak, egitura-osagaiak, hegoak, fuselajeak, lurreratze-trenak, zulaketa-ekipoak, transmisioak, motorrak, direkzio-sistemak, exijentzia-maila handiko osagai industrialak, erreaktore nuklearretarako osagai kritikoak eta moldeak eta matrizeak, haien balio-bizitza eta kalitatea nabarmen hobetuz.

Aplikazio-esparruak

Tentsio mekanikoak jasan behar izaten dituzten osagaien erresistentzia eta balio-bizitza hobetzea bilatzen duten industria-sektoreetan erabiltzen da, batik bat. Ohikoenen artean daude sektore aeroespaziala –hegazkinetarako eta osagai aeroespazialetarako erabiltzen da–, automobilgintzaren sektorea –motorretarako eta transmisio-sistemetarako–, petrolioaren eta gasaren sektoreak –erauzketako eta finketako ekipoetan–, energiaren sektorea –sorgailuetarako eta turbinetarako erabiltzen da tratamendua–, manufaktura-industria –makineria eta industria-ekipamenduetan–, metalurgia –metalezko pieza kritikoetarako–, eta industria nuklearra –muturreko erradiazio- eta tenperatura-baldintzetan osagaiek behar bezala jokatzeko–.Shot Peening prozesuak funtsezko eginkizuna betetzen du, sektore horietan oso garrantzitsuak diren osagaien erresistentzia eta iraunkortasuna hobetzen baititu, era horretan eragiketen segurtasunari eta eraginkortasunari lagunduz.

Shot Peening en Engranajes