Gainazalak tratatzeko prozesu bat da Leunketa. Pieza edo osagai bat lisatu eta leundu egiten da, eta distira ematen zaio, inperfekzioak, urratuak, markak eta laztasunak kenduta. Urratzaileak eta berariazko teknikak erabilita, gainazal leun eta distiratsuagoa lortzen da eta, era horretan, hobetu egiten da piezaren itxura estetikoa eta funtzionala.
Prozesuaren xehetasunak
Nahi den emaitza lortzeko kontu handiz kontrolatu beharreko hainbat etapa ditu leunketa-prozesuak. Jarraian, leunketa-prozesuaren ohiko urratsak deskribatzen dira:
- Gainazala prestatzea: Garbitu eta koipegabetu egiten da pieza, leunketari eragin dakiokeen edozein gai kutsatzaile kentzeko.
- Arbastua: Urratzaile lodi bat erabiltzen da inperfekzio handienak kentzeko eta gainazal uniforme bat sortzeko. Artezketa-makinetan egin daiteke, leunketa-harriekin.
- Tarteko leunketa: Urratzaile txikiagoak erabiltzen dira gainazala leuntzen jarraitzeko eta arbastuak utzitako markak kentzeko.
- Azken leunketa: Urratzaile oso fin bat erabiltzen da, piezaren gainazalari akabera leun eta distiratsua emateko. Normalean, bibraziodun banda urratzaileak erabiltzen dira.
- Akabera: Konposatu leuntzaile bat aplikatzen da, eta leunketa-gurpilak edo feltroak erabiltzen dira, distira optimoa lortzeko eta itxura estetikoa hobetzeko.
Piezak eta Osagaiak
Leunketa asko erabiltzen da industria ezberdinetan, metalezko askotariko pieza eta osagai ugari tratatzeko. Hona hemen adibide batzuk: motorraren osagaiak, hagunak, ikurrak eta akabera-xehetasunak automobilen karrozerietan, eta osagai elektronikoak, hala nola gailuen karkasak, konektoreak eta gailu elektronikoen diseinu-elementuak. Gainera, gainazal leuna eta korrosioarekiko erresistentzia behar duten barautsei, giltzei eta eskuzko tresnei ere aplikatzen zaie eta, industria aeroespazialean, erresistentzia handia eta kalitate handiko akabera behar duten aireontzien eta espazio-ontzien osagaietan ere erabiltzen da leunketa-prozesua, superfinish ere deitzen dena.
TTT Group-en, dagozkion ziurtagiri aeronautikoak ditugu, eta horrek prozesuak aplikazio aeroespazialetan eta industriako beste sektore batzuetan kalitate-estandar handienekin aplikatzea bermatzen du.
Aplikazio-esparruak
Dituen onura estetiko eta funtzionalak direla eta, industria-sektore ugaritan erabili ohi da prozesu hau. Hauexek dira Leunketa-prozesua eskuarki erabili ohi duten sektoreetako batzuk: automobilgintza, manufaktura-industria, elektronika, industria aeroespaziala eta kalitate handiko makineria eta tresnen fabrikatzaileen sektorea. Automobilgintzan, ibilgailuen osagaien itxura eta akabera hobetzeko erabiltzen da; manufaktura-industrian, berriz, piezen eta osagaien akabera hobetzen du leunketak. Sektore aeroespazialean, erresistentzia handiko eta kalitatezko akaberadun osagaiak lortzea da helburua, eta makineria eta tresnen fabrikazioan, gainazal leunak eta korrosioarekiko erresistenteak lortzeko erabiltzen da.