Metalezko materialei aplikatzen zaien tratamendu termikoko prozesua da Egonkortzea, haien fabrikazioan, soldaketan, deformazio plastikoan edo mekanizatuan sortu ahal izan diren barne-tentsioak murrizteko edo ezabatzeko helburuz. Barne-tentsio horiek deformazioak eragin ditzakete piezetan, baita hausturak ere, eta horrek modu negatiboan eragiten die haien errendimenduari eta iraunkortasunari. Egonkortze-prozesuaren helburua da piezen egonkortasun dimentsionala eta propietate mekanikoak hobetzea, etorkizuneko eragiketetarako prest uztea eta materialaren integritatea bermatzea.

Prozesuaren xehetasunak

Materiala haren eraldaketa kristalinoko tenperaturaren azpitik berotzen da tratamendu honetan, 450ºC eta 650ºC artean, materialaren eta dituen tentsio-mailen arabera. Ondoren, tenperatura horretan mantentzen dira piezak, barne-tentsioak erlaxatzeko behar adina denboraz. Azkenik, astiro hozten dira hutseko labe batean, hondar-tentsio gehiago sor ez dadin.

Garrantzitsua da kontuan izatea Egonkortze-tratamenduak ez duela nabarmen aldatzen materialaren egitura, ezta haren propietate mekanikoak ere, beste tratamendu termiko batzuekin gertatzen den bezala. Beraz, asko erabiltzen da tentsioak jasan dituzten piezetan, ondorengo tratamendu modura (mekanizatutako piezak, deformazioak jasan dituztenak, etab.), baita Tratamendu Termiko bat edo Zahartzapen-tratamendu bat jaso duten piezetan ere, ez baitira haien jatorrizko egitura eta ezaugarriak aldatzen.

TTT Group-ren instalazioetan, hutseko ingurune batean egiten ditugu prozesu horiek, eta atmosfera inertearekin egiten dugu hozte-prozesua, altzairuen, titanioaren eta nikelezko oinarria duten eta materialberezien gainazalaren oxidazioa saihesteko. Ingurunearen kontrol arretatsu horrek tratamenduan zehar materialen propietateak babes daitezen ziurtatzen du.

Piezak eta Osagaiak

Hainbat industria-sektoretako pieza eta osagai mota ugaritan aplikatzen da Egonkortzea; industria aeroespaziala eta automobilgintzarena nabarmentzen dira, bereziki. Sektore aeroespazialean, hegazkinen piezei, turbinei eta motorretako eta lurreratze-trenetako egitura aeroespazialei aplikatzen zaie, osagai kritikoen egitura-integritatea eta errendimendua bermatuz. Automobilgintzaren industrian, bestalde, motorraren osagaietan, txasisen piezetan eta transmisio-sistemetan aplikatzen da, baldintza zorrotzak jasan behar izaten dituzten elementu horien fidagarritasuna eta iraunkortasuna ziurtatuz. Egonkortzea funtsezkoa da, batez ere, soldatu diren piezetan, hotzetan konformatu direnetan eta mekanizatuetan, haien errendimenduan eta balio-bizitzan eragin negatiboa izan dezaten hondar-tentsioak murrizten laguntzen baitu.

Aplikazio-esparruak

Tratamendu hau industria aeronautikoan, automobilgintzan eta energiaren esparruan aplikatzen da batez ere; kontuan hartu behar da sektore horietan berebiziko garrantzia dutela osagaien fidagarritasunak eta errendimenduak. Industria metalurgikoan eta mekanikoan ere asko erabiltzen den tratamendua da, piezen eta osagaien kalitatea eta iraunkortasuna hobetzeko; baita eraikuntzaren industrian ere, metalezko egituretan tentsioak murrizteko eta denborarekin deformazioak saihesteko, eta ontzigintzaren industrian eta offshore delakoan, giro erasokorretan nekearen eta korrosioaren aurreko erresistentzia hobetzeko.

TTT Group-en, dagozkion ziurtagiri aeronautikoak ditugu, eta horrek prozesuak aplikazio aeroespazialetan eta industriako beste sektore batzuetan kalitate-estandar handienekin aplikatzea bermatzen du.

Alivio de Tensiones en Motores