Hutseko Tenplaketa eta Iraoketa prozesu oso onuragarria da eta, tratamendu konbentzionalekin alderatuta, altzairuaren gainazalaren kalitatea bermatu eta egonkortasun dimentsionala hobetzen ditu. Aplikazioagatik interesgarria izan daiteken ia altzairu nahiz aleazio guztietarako erabiltzen da, hala nola, hotzean nahiz beroan landutako altzairuak, erraminta altzairuak, eta fundizioko altzairuak.

Oxigenorik eta bestelako gasik ez dagoenez, piezaren gainazalean oxido-geruzak edo bestelako erreakzio kimikoak sortzea saihesten du. Horrek, gainazalaren kalitatea hobetzen du ondorengo prozesuak ekidinez eta prozesu-denborak murriztuz.

Bi etapa nagusi ditu: tenplaketa, materiala azkar berotzen da tenperatura altuan, eta ondoren azkar hoztu; eta iraoketa, materiala tenperatura txikiagoan berotzen da eta, ondoren, mantsoago hoztu.

Prozesu hori hutseko ingurune batean aplikatzen da, materialaren gainazalaren herdoiltzea saihesteko.

Prozesuaren xehetasunak

Hutseko eta huts-maila handiko giro batean gauzatzen da prozesua; 1.250 ºC arteko tenperaturetara iristen da prozesu horretan, eta nitrogenotan, argoian edo oliotan hozteko aukerak eskaintzen ditu. Malgutasun horrek tratamendua pieza eta material bakoitzaren berariazko beharretara egokitzea ahalbidetzen du.

Prozesuaren lehenengo etapan (Hutseko Tenplaketa) haren eraldaketa-puntu kritikoaren gainetiko tenperaturan berotzen da materiala eta, ondoren, azkar hozten da, gas inertean edo oliotan. Tenperaturaren jaitsiera azkarrak gogortu egiten du materiala, egitura gogorragoa eta erresistenteagoa lortuz.

Tenplaketaren ondoren, bigarren etapan (Hutseko Iraoketa), berriro berotzen da materiala, baina oraingo honetan tenperatura txikiagoan. Gero, poliki-poliki hozten da, hutseko ingurune berean. Iraoketak tenplaketak sor dezakeen hauskortasuna murrizten du, eta materialaren zailtasuna eta korrosioaren aurreko erresistentzia hobetzen ditu.

Piezak eta Osagaiak

Prozesu horrekin tratatzen diren piezen artean daude, esaterako, ebaketa-tresnak –hortzak, fresak eta barautsak, esaterako; gogortasun eta higaduraren aurreko erresistentzia handiagoa lortzen dute eta, horrenbestez, hobetu egiten da haien errendimendua eta balio-bizitza. Halaber, tratamendu hori ematen zaie osagai mekanikoei –makinen zatia, engranajeak eta ardatzak, esaterako– eta automobilgintzako piezei –abio-motorrak eta esekidura-sistemak, adibidez–, haien propietate mekanikoak eta nekearekiko erresistentzia hobetzeko. Industria aeroespazialean, gainera, prozesu horren onuradun dira hainbat osagai kritiko –turbinak, errotoreak eta zati estrukturalak eta lurreratze-trenak–, muturreko baldintzetan haien integritatea eta erresistentzia bermatzeko.

Hutseko Tenplaketaren eta Iraoketaren ondoren, amaierako beste prozesu batzuk erabili ohi dira, hala nola Nitrurazioa eta estaldurak (Kromo Gogorra edo HVOF, esaterako).

Aplikazio-esparruak

Tratamendu hau asko erabiltzen da aeronautikan, automobilgintzan eta ondasun-ekipamenduetan; arlo horietan, erresistentzia eta errendimendu handiko metalezko osagaiak behar izaten dira. Industria aeronautikoan, prozesu horrek hegazkinen eta espazio-ontzien osagai kritikoen fidagarritasuna eta erresistentzia bermatzen du. Automobilgintzan, funtzionamendu-baldintzak jasateko erresistentzia eta iraunkortasuna behar duten piezak eta osagaiak fabrikatzeko aplikatzen da. Ondasun-ekipamenduetan, berriz, makina astunen eta industria-ekipamenduen kasuan, esaterako, erabiltzen diren hainbat altzairu eta aleazioren propietateak hobetzen dira.

TTT Group aukeratuta, bermatuta dago dagozkien ziurtagiri aeronautikoek babestutako kalitate-estandarrik handienekin aplikatuko dela Hutseko Tenplaketa eta Iraoketa.

Temple y Revenido en Vacío, en Aeronáutica