Jalkin bidezko Gogortzea, Zahartzapen izenarekin ere ezagutzen dena, metalezko aleazioei aplikatzen zaien prozesua da, haien propietate mekanikoak hobetzeko, haien erresistentzia eta gogortasuna zehazki. Materialaren egitura kristalinoaren barruan partikula fin eta sakabanatuak modu kontrolatuan sortzean oinarritzen da prozesu hori; horrela, materialen erresistentzia eta zurruntasuna areagotzen dira, zailtasunari uko egin gabe. Hornitutako materialaren egoeraren arabera, Disolbaketa-tratamendu bat egin behar izaten da aldez aurretik.
Prozesuaren xehetasunak
Gure instalazioetan, hutseko ingurune batean egiten ditugu prozesu horiek, eta atmosfera inertearekin egiten dugu hozte-prozesua, altzairuen, titanioaren eta nikelezko oinarria duten eta material berezien gainazalaren oxidazioa ekiditeko. Hainbat etapa ditu prozesuak:
Disolbaketa fase solidoan erabat disolbagarriak ez diren aleazioko elementuak dituzten metalezko aleazioetan aplikatzen da batik bat. Prozesu horretan, tenperatura handian berotzen da materiala, metalezko matrizean aleazioko elementuak erabat disolba daitezen ahalbideratzeko. Ondoren, hozte-prozesu azkar bat egiten da elementuak disoluzio solidoan mantentzeko; era horretan, nahi ez diren faseak eratzea saihesten da eta hobetu egiten dira materialaren erresistentzia- eta gogortasun-propietateak. Pieza aurretiazko disolbatze-egoera batean mekanizatu bada, orduan zahartzapen-prozesua hasten da.
Zahartzapenean, ondorengo tratamendua ematen zaio piezari: tenperatura baxuagoan berotzen da, denbora luzeagoan. Etapa horretan, aleazioko elementuak partikula fin eta sakabanatuak eratzen hasten dira egitura kristalinoan, eta horrek materialaren erresistentzia eta gogortasuna areagotzen ditu.
TTT Group-en, dagozkion ziurtagiri aeronautikoak ditugu, eta horrek prozesuak aplikazio aeronautikoetan eta industriako beste sektore batzuetan kalitate-estandar handienekin aplikatzea ziurtatzen du
Piezak eta Osagaiak
Aluminiozko, kobrezko, nikelezko eta altzairu herdoilgaitzezko aleazioetan erabili ohi da; erabilera handia du industria ezberdinetan. Nabarmentzekoa da aeronautikan eta sektore aeroespazialean duen erabilera; sektore horietan, hegazkinen eta suzirien egiturazko osagaiak fabrikatzeko erabiltzen da, hala nola hegoak, fuselajeak eta motorraren zatiak.
Automobilgintzaren industrian ere erabiltzen da, motorretan, txasisetan eta transmisioetan errendimendu handiko zatiak sortzeko, bai eta industria-makinen manufakturan ere, engranajeak eta errodamenduak ekoizteko.
Tratamendu honen onuradun dira beste sektore batzuek ere, ontzigintza-industria, industria elektronikoa eta militarra kasu; alor horietan, garrantzitsua da erabiltzen dituzten piezak eta osagaiak erresistenteak, iraunkorrak eta korrosioaren aurrean erresistenteak izatea.
Korrosioaren aurreko erresistentzia eta gogortasuna areagotzeko, ohikoa da ondoren beste gainazal-tratamendu batzuk ematea, Kromo Gogorra edo HVOF, adibidez.
Aplikazio-esparruak
Jalkin bidezko Gogortzea edo Zahartzapena ohikoa da erresistentzia mekanikoaren eta pisuaren arteko oreka beharrezkoa den sektoreetan, baita korrosioaren aurreko erresistentzia ona behar dutenetan ere. Horrenbestez, asko erabiltzen da aurrez aipatutako industrietan: aeronautikan, automobilgintzan, ontzigintzan, elektronikan, industria militarrean eta makineriaren manufakturan.