TTT Group-en uste dugu entseguak gure prozesuen berezko zati bat direla, eta ez eragiketa gehigarri huts bat. Horregatik, geure instalazioetan bertan egiten ditugu entsegu horiek, eta horri esker, tratamenduen eta estalduren kalitatea berma dezakegu, entrega-denbora nabarmen luzatu gabe.
Ziurtatutako prozesuen kalitate-estandarren arabera egiten ditugu entseguak; NADCAP ziurtagiriaren arabera, aeronautikaren kasuan. Ikus entseguetarako ziurtagiri aeronautikoak ere. Hauexek dira nabarmentzen ditugun entseguetako batzuk:
Gogortasuna
Gogortasun-entseguak metalezko materialetan egiten diren tratamendu termikoen emaitzak ebaluatzeko erabili ohi ditugu. Material batek deformazio plastikoaren edo gogortasun-entseguko tresna baten sartzearen aurrean duen erresistentzia neurtzen dute entsegu horiek. Entsegu horien emaitzek tratamenduaren ondorioz materialaren mikroegituran eragindako aldaketen banaketa eta sakontasuna adierazten dute, eta hori tratamendu termikoaren parametroak doitzeko eta materialaren propietate mekanikoak hobetzeko erabil daiteke. Material ezberdinak alderatzeko eta berariazko aplikazio baterako egokiena aukeratzeko ere erabil daitezke gogortasun-entseguak.
Metalografia
Metalografia-entseguak metalezko materialek, kontrolatutako berotze- eta hozte-prozesuak gainditu ondoren, duten mikroegitura analizatzeko probak dira. Laginak prestatuta eta mikroskopio optikoak erabilita, pikorrak, faseak, inklusioak eta tratamendu termikoak eragindako aldaketa estrukturalak aztertzen dira. Entsegu horiek erabakigarriak dira funtsezko industrietan materialen kalitatea eta errendimendua ebaluatzeko eta material eta fabrikazio-prozesu berriak garatzeko.
Trakzio-entsegua
Tratamendu termikoen esparruan, trakzio-entseguak metalezko materialek kontrolatutako berotze- eta hozte-prozesuen ondorioz duten erresistentzia eta portaera ebaluatzeko proba mekanikoak dira. Entsegu horietan, trakzio-indarra aplikatzen zaio lagin bati, hainbat propietate neurtzeko, hala nola erresistentzia, muga elastikoa, elongazioa, gogortasuna, harikortasuna eta zailtasuna. Tratamendu termikoek materialaren mikroegituran nola eragiten duten ulertzea ahalbideratzen dute, eta hainbat industriatan –automobilgintzan, industria aeroespazialean eta eraikuntzakoan, esaterako– aplikazio estrukturaletarako eskatzen diren estandarrak bete daitezen bermatzen dute.
Erresilientzia-entsegua
Materialek deformazio elastikoan energia adsorbatzeko eta askatzeko duten gaitasuna neurtzen dute erresilientzia-entseguek. Entsegu horiek funtsezkoak dira materialak kolpezko kargen aurrean duen zailtasuna eta erresistentzia ebaluatzeko, eta material horrek bat-bateko kargak edo talkak jasan ditzakeen aplikazioetan duen portaerari buruzko funtsezko informazioa ematen dute.. Askotariko industria-sektoreetan, materialen segurtasuna eta errendimendua bermatzen dute.
Bestelako Entsegu Mekanikoak
Aurrez aipatutako entseguez gain, tratamendu termikoak jasaten dituzten materialen kalitatea eta propietateak ebaluatzeko bestelako entsegu mekaniko aurreratuak ere baditugu TTT Group-en. Besteak beste, estaldura edo geruza-lodierari buruzkoak, itsaskortasuna edo lotura indarrari, flexioari eta zimurtasunari buruzkoak, etab. Entsegu horiek hainbat industriatan erabiltzen diren materialen fidagarritasuna eta segurtasuna bermatzen dute, eta fabrikazio-prozesuak eta aplikazio teknologikoak garatzeko eta hobetzeko informazio baliotsua ematen dute.
Geruza-lodiera
Materialetan tratatutako gainazaleko geruzen lodiera doitasunez neurtzeko erabiltzen den teknika. Geruza-lodierari buruzko entseguen emaitzek materialen errendimendu egokia ziurtatzeko informazio erabakigarria ematen dute, korrosioaren aurka babesteari, higadurarekiko erresistentziari eta gainazalaren bestelako propietate garrantzitsuei dagokienez.
Itsaspena – lotura indarra
Tratatutako gainazal-geruzen edo estalduren eta materialaren substratuaren arteko loturaren erresistentzia ebaluatzeko erabiltzen den funtsezko proba. Lotura-prozesuaren kalitatea egiaztatzen du entsegu horrek, eta aplikatu diren estaldurak eta tratamendu termikoak oinarrian dagoen metalean sendo eta iraunkortasunez lotuta daudela ziurtatzen du.
Zimurtasuna
Metalezko lagin baten gainazaleko testura neurtzeko eta kuantifikatzeko erabiltzen den teknika. Materialaren gainazalean dauden laztasunari, irregulartasunei eta uhindurei buruzko informazioa ematen du entsegu honek. Zimurtasunak hainbat faktoretan du eragina, besteak beste, gainazalen higaduran, frikzioan eta zigilatze-gaitasunean.