Indukziozko Tenplaketa gainazal-tratamendu lokalizatua da, burdinezko osagaien propietate mekanikoak hobetzea ahalbideratzen duena, jatorrizko nukleoaren egitura eraldatu gabe. Prozesu hori oso onuragarria da, gainazal gogorrak eta higadurarekiko, gripajearekiko, nekearekiko eta inpaktuarekiko erresistenteak lortzen baitira. Gainera, trakzioaren eta tortsioaren aurrean erresistentzia handiagoa ematen die transmisioko elementuei.
Prozesuaren xehetasunak
Prozesua elektromagnetikoa da Indukziozko Tenplaketa, eta induktore baten bitartez korronte elektrikoa aplikatzean oinarritzen da. Korronte horrek berotasuna sortzen du burdinezko piezan, histeresi magnetikoko galeren eta Joule efektuaren eraginez. Piezaren gainazaleko geruzan bakarrik sortzen du berotasuna, austenitizatze-tenperaturara iritsi arte; hainbat parametro kontrolagarriren araberakoa izango da tenperatura hori, hala nola induktorearen kontzentrazioaren, potentziaren, maiztasunaren, denboraren eta diseinuaren araberakoa. Eraldaketa estrukturala amaitu ondoren, azkar hozten da pieza.
Garrantzitsua da nabarmentzea geuk diseinatzen eta fabrikatzen ditugula prozesu honetan erabiltzen diren induktoreak, eta enpresaren know-howaren parte dira.
Piezak eta Osagaiak
Indukziozko Tenplaketa pieza ugaritan erabiltzen da, hasi automobilgintzako pieza txikietatik–transmisioak, gurpil-abatzak, errodamendu-eraztunak, sardeak, ardatzak, torlojuak eta espekak, adibidez–, eta enbutizio-molde handietaraino –bankadak, hagak eta hortzak kasu–.
Aplikazio-esparruak
Automobilgintzaren eta ibilgailu industrialen sektoreak dira prozesu honen aplikazio-esparru nagusiak; sektore horietan, termikoki tratatutako piezak funtsezkoak dira osagaien iraunkortasuna eta errendimendua bermatzeko. Automobilgintzaren sektorerako, IATF Ziurtagiria dugu. Ekipamendu-ondasunen eta altxatze-piezen sektoreetan ere aplikatzen da; horietan erabiltzen diren piezen erresistentzia eta fidagarritasuna ezinbestekoak baitira.