Tenplaketa eta Iraoketa metalezko materialen industrian erabiltzen den prozesu termiko kritikoa da. Helburu nagusia da material horien egitura eraldatzea, hainbat aplikaziotarako beharrezkoak diren berariazko propietateak lortzeko, hala nola gogortasuna, zailtasuna eta erresistentzia.
Prozesuaren xehetasunak
Berariaz diseinatutako labe jarraituetan egiten den prozesua da; atmosfera kontrolatzeko eta denbora eta tenperatura automatikoki erregulatzeko sistemez eta denbora errealean monitorizatzeko eta prozesu osoa erregistratzeko tresnez ekipatuta daude labeak. Ezaugarri horiei esker, lortu nahi diren emaitzen zehaztasuna eta berregingarritasuna bermatzen da.
Honako hau da prozesua:
- Tenperatura igotzen dugu, austenitizatze tenperaturara iritsi arte; altzairu motaren arabera, 800 ºC eta 1 000 ºC artean.
- Austenitizatze tenperatura horri eusten diogu piezaren nukleoaren tenperatura kanpoaldearekin berdintzen den arte eta, horrela, mikroegitura austenitan eraldatzen dugu.
- Piezak zuzenean hozten ditugu bitarteko hotz batean, normalean oliotan. Hozte-abiadura mikroegitura martensitan eralda dadin ziurtatzeko bezain handia izan behar da, horrela nahi den gogortasuna eta erresistentzia lortzeko.
- 150ºC eta 600ºC arteko tenperaturan berotzen ditugu piezak, martensita iraotzeko eta egiturari zailtasun handiagoa emateko.
Metalezko piezei Tenplaketa eta Iraoketa tratamendua eman ondoren, akabera osagarria aplika dakieke –olioztatzea edo granailaketa, adibidez– haien itxura estetikoa hobetzeko, korrosioaren aurka babesteko edo ondoren eman dakiekeen babes-bainuetarako prestatzeko.
Piezak eta Osagaiak
Metalezko pieza askotan aplikatzen da tratamendu termiko hau; torlojugintzako piezak, azkoinak, zirrindolak eta antzerako beste elementu batzuk nabarmentzen dira. Pieza horiek Tenplaketa eta Iraoketa prozesua jasaten dutenean, zamak, deformazioak eta tentsioak jasateko beharrezko propietate mekanikoak hartzen dituzte, haien errendimendua eta iraunkortasuna bermatuz.
Zama handiko piezetan ere aplikatzen da, hala nola transmisio-ardatzetan, sardeetan, euskarri-barretan, malgukietan eta ebaketa- edo mailuketa-tresnetan.
Aplikazio-esparruak
Aplikazio industrialei dagokienez, Tenplaketa eta Iraoketa automobilgintzan erabiltzen da batez ere; motorrak, txasisak eta transmisio-sistemak eraikitzeko funtsezkoak diren piezatan. Sektore horretarako, IATF Ziurtagiria dugu.
Ibilgailu industrialen esparruan ere asko erabiltzen da, makineria astuna eta eraikuntza-ekipoak barne. Energia berriztagarrien sektorea ere prozesu horren onuradun da, termikoki tratatutako piezak ezinbestekoak baitira turbina eolikoen, eguzki-panelen eta energia garbia sortzeko sistemen fabrikazioan.